Tuesday, April 1, 2008

GNU eta Linux: nori berea (II)

Torvalds-ek ez zeukan buruan GNU proiektuarekin bat egitea bere kernela egiten hasi zenean, baina software sorta biak elkartzea eta abiaraztea ez zen lan nekeza, eredu bera baitzuten oinarrian: UNIX sistema eragile zahar baina indartsua. Adostasuna lortu zen programatzaile guztien artean, eta GNU proiektuak Linux kernela baliatuz osatu zuen, azkenik, sistema eragile oso eta askea.
Urtetako lan nekeza egin zuten hainbat eta hainbatek horretara iristeko. Zenbatu ezin diren egun eta orduak emango zituzten programa-atal bakoitzaren diseinua adosten eta osatzen. Badirudi, ordea, ez zitzaiela bururatu xehetasun bat adostea: nola deituko zioten sistema eragile askeari.

Beharbada Torvalds-ek hartu zuen sona handiagatik, edo besterik gabe izen deigarri, erraz edo atsegina izateagatik, kontua da Linux esateko ohitura nagusitu dela, ordutik hona, sistema eragile berria izendatzeko.

Hortaz, zati baten izena erabili ohi da sistema osoa izendatzeko. Zorionez ez du eztabaida eta zatiketa larririk sortu gai horrek, baina erraz ulertzekoa da Stallman izendatze horrekin gustura ez egotea, eta eskaintzen dituen hitzaldi eta elkarrizketa ugarietan beti azpimarratzen du izen egokiagoa izango litzatekeena: GNU/Linux, nori berea onartu behar zaio eta.

Stallmanek eta Torvaldsek gai horren inguruan zer jarrera duten ikusteko adibide ezin argiagoa utzi zigun 1999ko Linux World Conference jardunaldiak: bertan Open Source sortzaileentzako lehenengo Torvalds saria eman zioten Stallmani, eta hark betiko gordeta gelditu den esaldiaz onartu zuen saria: "Armada Errebeldeari Han Solo saria ematea bezalakoa da hau". Stallmanek hitz egiten zuen bitartean Linus-en haurrak hara-hona ibili ziren agertokian eta aitak, jakina, haiei arreta gehiago eskaini zien kidearen hitz eztabaidatsuei baino gehiago.

Sarean hainbat lekutan aurkituko dituzue "fenomeno" bion hitzaldi eta elkarrizketak: Linus ikasle fin itxurakoa kontu teknikoetara emana ikusiko duzue;
Stallman hippy itxurakoa, berriz, filosofiara emanagoa. Bakoitza bere erara, tipo majoak ematen dute bi-biek.

Hemen doazkizue Youtuben aurki daitezkeen Stallmanen hiru bideo (Linusek baino "saltsa" gehiago sortzen du berak eta):

No comments: