Tuesday, February 26, 2008

Nautilus, Krusader, Konqueror...? Fitxategi-kudeatzaile egokienaren bila (I)

Gnome mahaigain-kudeatzailea dut gustuko diseinu aldetik: soilagoa da KDE baino, ez dauka hainbeste menu, aukera eta osagarririk, baina diseinu argi eta dotorea ematen dio mahaigainari, eta nik behar ditudan baliabide guztiak eskaintzen ditu... Hobeto esanda, ia-ia guztiak!

Gabezia txiki bat aurkitzen diot batez ere, bat bakarra, baina lana zailtzen didana: Gnome leiho-sistemaren baitan fitxategiak kudeatzen dituen Nautilus software-atalak ez du karpetetako edo direktorioetako fitxategiak zutabeka bistaratzeko aukera ematen. Egia da zutabe modukoetan bistaratuko ditugula fitxategiak "view" menuan aukera batzuk aldatzen baldin baditugu, baina fitxategien izenak, 6-7 karaktere baino luzeagoak baldin badira, lerroetan zatituak agertuko dira beti, ez dago modurik edukiak zutabeka antolatu eta izenak ezkerrean, hautsi gabe, bistaratzeko. Irudi batzuen bitartez hobeto ikusiko duzue zer esan nahi dudan:

-Hau da Gnomeko Nautilus abian jartzen dugunean ageriko zaigun leiho-bistaratze mota (hots, Nautilus-en leiho ikuspegi lehenetsia):

-Aukera batzuk moldatzen baldin baditugu, zutabe modukoetan antola dezakegu leihoa (ohartu fitxategien izenak zatituta ageri direla: ez dago hori konpontzerik Nautilus-en):

Ezin lor daiteke fitxategien ikuspegi argiagorik? Bai, zorionez: Linuxen ohikoa denez, software-pakete ezberdinak ditugu aukeran zeregin bakoitzerako, eta kasu honetan, gutxienez beste bi fitxategi-kudeatzaile sendo jaitsi eta instalatu ditzakegu Gnomeren baitan: Krusader eta Konqueror (plataforma ezberdinetarako eskura dauden fitxategi-kudeatzaileen zerrenda konparatua aurki dezakezue en.wikipedian.org-en).

Erraz instalatu dut Krusader kudeatzailea Synaptic erabiliz. Konqueror berez dator instalatua Gnome-n. Krusader Applications - Accesories azpimenuan kokatu da, eta Konqueror, berriz, Applications - Internet azpimenuan. Egia esan, banekien bietatik zeinek eskainiko zidan bilatzen nuen aukera (Konqueror-ek), baina jakinmina neukan Krusader-en portaera ikusteko, gauza onak irakurri baititut foroetan hartaz. Hemen daukazue Krusader-en bidez bistaratua goian Nautilus bidez bistaratu dugun karpeta bera:
Leiho bi eskaintzen dizkigu beti Krusader-ek, bakoitzean nahi dugun karpeta edo direktorioa bistaratzeko eta kudeatzeko. Kudeatzaile tekniko samarra dela esango nuke, fitxategiak antolatzeko baino gehiago fitxategien arloko eragiketak egiteko da aproposa: FTP transferentziak, artxibaketa, fitxategien checksum-ak, karpeten sinkronizazioa... Hurrengo batean astiroago aztertzea merezi du Krusader-ek dudarik gabe, baina ez da nik bilatzen dudana fitxategien ikuspegiari dagokiola: irudian ikusten den bezala, zutabe bakarrean erakusten ditu direktorio bakoitzeko edukiak, ez du beste ikuspegirik eskaintzen. Zer da, beraz, nik behar dudana? Ondoko hauxe, Konqueror-ek eskaintzen duena:

Ona ezta? Toki txikian argi erakusten ditu karpetako fitxategiak, izen osoak eta guzti. Hori da nahi dudana! Eta gainera, hain gustuko dudan Gnome alboratu gabe: amaitu ote dira nire buruhausteak? Hurrengo sarrera baterako utziko dut erantzuna, gaur nahikotxo luzatu naiz eta.
Osoa irakurri...