Sunday, April 13, 2008

OOXML: piztia ez dago lo.

Pozik bizi nintzen eta hara non irakurtzen dudan Microsoft-en dokumentuentzako OOXML estandarra ISO estandar gisa onartua izan zela apirilaren 2an (Mikel Olasagastiren artikulua 08-4-12ko Gaur8n -ez dago sarean-).



Gai honetaz neukan azken berria ISOk 07ko apirilean Microsoften formato honi emaniko ezetza zen (ikus berria EuskalGNUn) baina orain jakin dut erabakia ez zela behin betikoa, eta hain zuzen, Microsoft ez dela lo izan eta erantzun hura irauli duela, estatu kopuru handi baten aldeko botoa (edo abstentzioa) lortuz.

Beraz, oraintxe bi estandar daude dokumentuetarako: ODF irekia (OpenOffice-ren Open Document Format, ISO estandarra 2006ko irailetik) eta Microsoften OOXML (Office Open XML, guztiz "open" ez omen dena). Software askearen aldekook ODF estandar bakar gisa gelditzea espero genuen, baina "zaplada" ederra hartu dugu erabaki honekin, Microsoften softwarea baita nagusi munduko ordenagailu pertsonal gehien-gehienetan, eta beraz, ia bermatuta daukate beren bezeroek OOXML estandarra erabiltzea.

Aipatu beharra dago, ordea, OOXML estandarra ez dela opari Microsoften bezeroentzat ere, gaur egungo MS Office (edo MSWord) bertsioek ez baitute gaitasunik formato hori erabiltzeko, eta beraz, erabiltzaileek gutxienez "Compatibility Pack" izeneko software gehigarri bat instalatu beharko dute, edo bestela, Windows XP utzi eta Windows Vista bedeinkatura aldatu.


Zorionez, oraindik ez da guztiz finkoa ISO elkartearen erabakia, hilabete biko epea baitago helegiteak jartzeko, eta izan ere, susmo handiak daude Gatesen enpresak ez duela modu guztiz garbian lortu zenbait estaturen aldeko botoa. Barrapunto.org-en gunean aurkituko dituzue azalpen gehiago susmo horietaz, bai eta prozesu osoaz (eta estatu bakoitzaren botoa zein izan zen erakusten duen mapamundia). Euskaldunok, jakina, ez gara nor ISO erakundean ahotsa izateko, eta gure "ama lur" Espainia abstenitu egin zen. Osoa irakurri...

Tuesday, April 1, 2008

Enpresaburu bihotz-gogorrenak ere ubuntuzale!

Barre ere egin daiteke GNU/Linux kontuen inguruan, eta izan ere, sarean ez dira gutxi gure sistema eragile maitearen gaineko ateraldi eta txantxak. Hemen doakizue adibide bat, ELER webguneko Linux komikietatik hartua:


(Itzulpena: "Denbora piloa aurreztu dugu gure copyright-hausketa detektorea egiteko Ubuntu erabiliz!" -"Zeozertarako balio duen gauzarik ez dago doan... Ubuntu izan ezik.")

Komikian ikusten denez, pertsonen argazkiak erabiltzen dituzte ELER gunearen egileek komikiak osatzeko. Gehienetan software askearen arloko guru ezagunen argazkiak izaten dira (goiko adibide hori, beraz, salbuespena da alde horretatik). Osoa irakurri...

GNU eta Linux: nori berea (II)

Torvalds-ek ez zeukan buruan GNU proiektuarekin bat egitea bere kernela egiten hasi zenean, baina software sorta biak elkartzea eta abiaraztea ez zen lan nekeza, eredu bera baitzuten oinarrian: UNIX sistema eragile zahar baina indartsua. Adostasuna lortu zen programatzaile guztien artean, eta GNU proiektuak Linux kernela baliatuz osatu zuen, azkenik, sistema eragile oso eta askea.
Urtetako lan nekeza egin zuten hainbat eta hainbatek horretara iristeko. Zenbatu ezin diren egun eta orduak emango zituzten programa-atal bakoitzaren diseinua adosten eta osatzen. Badirudi, ordea, ez zitzaiela bururatu xehetasun bat adostea: nola deituko zioten sistema eragile askeari.

Beharbada Torvalds-ek hartu zuen sona handiagatik, edo besterik gabe izen deigarri, erraz edo atsegina izateagatik, kontua da Linux esateko ohitura nagusitu dela, ordutik hona, sistema eragile berria izendatzeko.

Hortaz, zati baten izena erabili ohi da sistema osoa izendatzeko. Zorionez ez du eztabaida eta zatiketa larririk sortu gai horrek, baina erraz ulertzekoa da Stallman izendatze horrekin gustura ez egotea, eta eskaintzen dituen hitzaldi eta elkarrizketa ugarietan beti azpimarratzen du izen egokiagoa izango litzatekeena: GNU/Linux, nori berea onartu behar zaio eta.

Stallmanek eta Torvaldsek gai horren inguruan zer jarrera duten ikusteko adibide ezin argiagoa utzi zigun 1999ko Linux World Conference jardunaldiak: bertan Open Source sortzaileentzako lehenengo Torvalds saria eman zioten Stallmani, eta hark betiko gordeta gelditu den esaldiaz onartu zuen saria: "Armada Errebeldeari Han Solo saria ematea bezalakoa da hau". Stallmanek hitz egiten zuen bitartean Linus-en haurrak hara-hona ibili ziren agertokian eta aitak, jakina, haiei arreta gehiago eskaini zien kidearen hitz eztabaidatsuei baino gehiago.

Sarean hainbat lekutan aurkituko dituzue "fenomeno" bion hitzaldi eta elkarrizketak: Linus ikasle fin itxurakoa kontu teknikoetara emana ikusiko duzue;
Stallman hippy itxurakoa, berriz, filosofiara emanagoa. Bakoitza bere erara, tipo majoak ematen dute bi-biek.

Hemen doazkizue Youtuben aurki daitezkeen Stallmanen hiru bideo (Linusek baino "saltsa" gehiago sortzen du berak eta):

Osoa irakurri...