Sunday, April 13, 2008

OOXML: piztia ez dago lo.

Pozik bizi nintzen eta hara non irakurtzen dudan Microsoft-en dokumentuentzako OOXML estandarra ISO estandar gisa onartua izan zela apirilaren 2an (Mikel Olasagastiren artikulua 08-4-12ko Gaur8n -ez dago sarean-).



Gai honetaz neukan azken berria ISOk 07ko apirilean Microsoften formato honi emaniko ezetza zen (ikus berria EuskalGNUn) baina orain jakin dut erabakia ez zela behin betikoa, eta hain zuzen, Microsoft ez dela lo izan eta erantzun hura irauli duela, estatu kopuru handi baten aldeko botoa (edo abstentzioa) lortuz.

Beraz, oraintxe bi estandar daude dokumentuetarako: ODF irekia (OpenOffice-ren Open Document Format, ISO estandarra 2006ko irailetik) eta Microsoften OOXML (Office Open XML, guztiz "open" ez omen dena). Software askearen aldekook ODF estandar bakar gisa gelditzea espero genuen, baina "zaplada" ederra hartu dugu erabaki honekin, Microsoften softwarea baita nagusi munduko ordenagailu pertsonal gehien-gehienetan, eta beraz, ia bermatuta daukate beren bezeroek OOXML estandarra erabiltzea.

Aipatu beharra dago, ordea, OOXML estandarra ez dela opari Microsoften bezeroentzat ere, gaur egungo MS Office (edo MSWord) bertsioek ez baitute gaitasunik formato hori erabiltzeko, eta beraz, erabiltzaileek gutxienez "Compatibility Pack" izeneko software gehigarri bat instalatu beharko dute, edo bestela, Windows XP utzi eta Windows Vista bedeinkatura aldatu.


Zorionez, oraindik ez da guztiz finkoa ISO elkartearen erabakia, hilabete biko epea baitago helegiteak jartzeko, eta izan ere, susmo handiak daude Gatesen enpresak ez duela modu guztiz garbian lortu zenbait estaturen aldeko botoa. Barrapunto.org-en gunean aurkituko dituzue azalpen gehiago susmo horietaz, bai eta prozesu osoaz (eta estatu bakoitzaren botoa zein izan zen erakusten duen mapamundia). Euskaldunok, jakina, ez gara nor ISO erakundean ahotsa izateko, eta gure "ama lur" Espainia abstenitu egin zen.

No comments: