Monday, March 31, 2008

GNU eta Linux: nori berea (I)

Sistema eragile oso eta zabal honetaz entzuten eta irakurtzen urteak eman ostean, pasa den urteko udaren amaieran instalatu nuen, azkenik, ordenagailuan, eta bihurtu nintzen... "linuxero"! Interes handiaz hartzen ditut, ordutik hona, sistemaren bilakaeraren gaineko berriak, bai eta haren historiaren gaineko kontu eta pasadizo ugariak. Ildo horretatik joko dut post honetan, eta batez ere, oraindik guztiz finkatu gabe dagoen kontu bati begiratuko diot: sistema eragilearen izena.
Sistema oso eta zabala dela esan dut, eta ez soilik eskaintzen dizkigun baliabide informatikoengatik; dakarkigun onura ez da soilik teknologia edo informatika arlokoa, filosofia oso bat dago sistema sortzeko eta garatzeko jarraitzen den bidean: software askearen filosofia, eta pentsatzeko eta jarduteko era hori, teknologiaren arloa gaindituz, gizarteko beste hainbat arlotara hedatzen da.

Hainbat eta hainbat lagunen ekimenari esker ari da hau gertatzen, baina zalantzarik gabe izen bi datozkigu burura software askeaz hitz egitean: Richard Stallman eta Linus Torvalds. Lehenak, informatikako arloan komertzialtasuna eta ekimen pribatua gailentzen ari zirela ikusirik, doan lortu eta partekatu ahalko zen sistema eragile bat sortzeari ekin zion beste hainbat informatikari "zororekin" batera, eta GNU proiektuari (1984) eta FSF edo Free Software Foundation-i eman zieten gorputza (1985).

Lan eskerga da sistema eragile bat osatzea (hortik dator halako produktuen inguruan hainbeste jende, baliabide eta diru mugitzea: adibide ezinhobea dugu Microsoft-en Windows famatua), eta hainbat programa txiki berezitan banatzen da sistema eragile batek egiten duen lana. GNU proiektuko partaideek programa horietako ia denak egin zituzten 1990 ingururako, azkenerako utziz software atal nagusia: sistema eragilearen muina edo "kernela". Orduantxe (1991) atera zuen argitara Linus Torvalds finlandiar gazteak, beste zenbait programatzaileren laguntzaz, bere kernel berri askea: Linux.

No comments: