Monday, March 3, 2008

Nautilus, Krusader, Konqueror...? Fitxategi-kudeatzaile egokienaren bila (II)

Aurreko sarreran ikusi dugun legez, Konqueror-ek modu bereziki argian eta toki aldetik ondo antolatuan erakusten ditu fitxategiak. Alabaina, bistaratze modu hori ez da Konqueror-en lehenetsirik datorrena, baizik eta beste hau, ikono handiez eta fitxategi-izenak azpian eta lerroka zatituta dituena:

Aldatu egin beharko ditugu, hortaz, bistaratze hautapenak Konqueror-en menuan: behar dugun bistaratze mota lortzeko view - view mode - multicolumn view hautatuko dugu, eta ikonoen neurria txikienera aldatu (view - icon size - tiny). Bistaratze mota hori hemendik aurrera lehenetsi gisa ezarri nahi badugu, settings menura jo beharko dugu: settings - save view profile "file management" (eta irekitzen den leihoan save sakatu):

Orain artekoarekin, beraz, Konqueror-en fitxategiak guk behar dugun eran bistaratzea lortu dugu. Gure leiho-kudeaketa sistema KDE baldin bada ez dugu ezer gehiagorik egin beharko karpeta bateko edukiak, disko gogor batekoak etab. aipaturiko moduan bistaratzeko, KDEn Konqueror baita fitxategi-kudeatzaile lehenetsia. Ez da hala, ordea, Gnomen: Nautilus du horrek lehenetsitako kudeatzailea, eta beraz, edo fitxategiak bistaratu nahi ditugun bakoitzean Konqueror zabalduko dugu applications menutik, edo bestela Gnome-ren konfigurazioa aldatu beharko dugu Konqueror lehenesteko, eta hemen dator arazoa: ez dago modu argirik konfigurazio aldaketa hau Gnomen orokor bihurtzeko. Bi irtenbide aurkitu ditut Linux foroetan:

-Bash script baten bitartez konfigurazio-fitxategi jakin batzuetan aldaketak eragitea Konqueror (edo beste kudeatzaile bat) lehenetsi gisa ezartzeko. Psychocats.net ubuntuzale gunean aurkituko duzue script hori eta behar diren argibideak Gnomen fitxategi kudeatzailea aldatzeko. Badirudi batzuei emaitza ona eman diela bide honek, baina ez guztiei (niri ez, adibidez).

-Sistemako /media karpetara jo eta bertan ditugun direktorio eta disko bakoitzari Konqueror erantsi
"open with" fitxan (direktorioen gainean eskuin-klik egin, properties hautatu, honen barruan open with fitxan Konqueror erantsi) eta Konqueror ikonoaren botoia sakatuz Konqueror ezarri direktorioa irekitzeko lehenetsitako kudeatzaile gisa. Irtenbide hau menuen bitartez egin daiteke eta beraz, norbera bidean galtzeko aukera gutxiagokoa da, baina berriro ere ez digu erabiltzaile guztiei behar den emaitza ematen (niri ez, berriro!). Behin baino gehiagotan aipatzen da ezintasun hau foroetan (ikus, adibidez ubuntuforums.org)

Hortaz, KDEn erraz erabil dezaket Konqueror kudeatzaile argi eta txukuna fitxategiak bistaratzeko, baina Gnomen lan gehiago eskatzen du Konqueror erabiltzeak. Gai honetaz idazten hasi naizenean Gnome dudala gustokoen esan dut, soil samarra izanik ere, behar ditudan baliabide ia-ia guztiak eskaintzen dituelako, eta post bion bidez argitu dugu azkenean zer den "ia-ia" hori. Ezinbestekoa izaten zait direktorioetako edukiak ahalik eta modu erangikorrenean bistaratzea, hainbat karpeta eta fitxategirekin "dantzan" ibiltzen bainaiz, batez ere lanean. Ondorioz, KDE darabilt orain, Konqueror-ek eskaintzen duen fitxategi-bistaratze mota ez didalako hain eskura jartzen Gnomek.

Nahikoa dugu gaurkoz honetaz, baina kontuz, ez dugu gaia agortu!! Bikaina da Konqueror hainbat aldetatik baina hartaz esaten den guztia ez da musika eta lore! Eta gainera Dolphin datorkio lehia egitera... Hurrengoan jardungo horretaz.


No comments: